viernes, 21 de diciembre de 2012

ARABAKO FORU ALDUNDIA: NAHIKOA DA!

ARABAKO FORU ALDUNDIA: NAHIKOA DA!

            Heldu da Arabako Foru Aldundiko 2013 urteko aurrekontuen proposamena, eta, noski, Aldundiaren diru-sarrerak gutxituz joan ahala, irteerak ere ildo beretik doaz: logikoa. Murrizte joera jasaten ari gara dagoeneko euskararen normalizazioa bultzatzen ari garen Arabako Errioxako elkarte eta taldeak, baina datorren urteko proposamenaren - edo hobeto esanda adar-jotzearen - aurrean NAHIKOA DA! esateko garaia da.
Kultura Sailerako murrizketa proposamena %16koa izanik, nola liteke Kultura barneko azpisail batek (euskarak,  hain zuzen ere) %66koa izatea?
Euskararen normalizazioa politikarien nahi, asmo, borondate…eta antzeko hitzen esperantzan egon behar du? Urtero-urtero euskara garatuko den ala ez kolokan egon behar du?
Euskararen aldeko erakunde eta taldeak euskararen Gobernuz Kanpoko Erakundeak bagina bezala ibili behar dugu? Instituzioen eskuzabaltasunari begira, eta erresuminak ematen dizkigutenean eskerrak emanez?

            Euskal gizarteak euskara babestu eta berreskuratzea lehentasuntzat jo zuen. Izan ere, tontoa edo gaiztoa izan behar da bi hizkuntza ofizialak ez daudela maila  berean ez ikusteko, eta laguntza behar duena gutxitua dela, euskara. Ikuspegi horren emaitzak dira egungo euskalduntze datuak: Arabako Errioxan ia euskaldunik ez egotetik, %25ek baino gehiagok dakiten egoerara pasa gara.

Hala ere, ez da nahikoa: gutxi erabiltzen da. Zergatik gertatzen den hori leku askotan aztertu da, eta ondorioak antzekoak dira: motibazio nahikorik ez, erreferenterik ez, gaitasun nahikorik ez… baina bada beste bat ere  Arabako Errioxan, behintzat, eta, ziurrenez Araba osoan: instituzioek bakarrik utzi dituzte euskaldunak. Dirua, denbora, esfortzua…gizabanakoek jarri dute; berreuskalduntze-prozesua norbanakoen borondatean oinarritu da.  Hemengo instituzioen jarduna ez da bat etorri gizabanakoen lan horrekin: udalek eta koadrillak ez dute euskaraz jakitea ezertarako baloratu, ez herritarrek eginiko ahalegina eskertu…

Behin baino gehiagotan aipatu da euskarak aurrera egingo badu, zeharlerrotasuna landu behar dela, baina instituzioetan zeharo errotuta dagoen antolaketa eredua ez da batere lagungarri: Kultura Sailaren barruan azpisaila da euskara, apartekoa. Kultura Sail horretako beste azpisailetan (kirola, gazteria, jazz jaialdia…) ez da euskara ezertarako aintzat hartzen. Eta gainontzeko sailetan zer esanik ez: Turismoak saila du, Ogasunak, Ongizateak, administrazioak…baina ez dute euskara azpisailik.

            Euskara teknikarien kontuak ere aipamen berezia behar duelakoan gaude. Arabako Errioxako euskaltzaleak 2002an bildu eta instituzioei, kasu honetan Koadrillari, euskararen erantzukizuna hartzeko eskatu genion. Egoera aztertu, eta euskara sustatzeko plan bat zirriborratu ere egin genuen, baina instituzioek ez zuten inor jarri, eta dinamizatzailerik gabe, egitasmoa bere horretan geratu zen, ezerezean. Arabako Errioxan garbi ikusi genuen norbait behar zela euskara zerbitzua abian jartzeko. Gerora, Arabako Foru Aldundiak antolatuta, Arabako euskara talde eta euskaltzale pila bat bildu, eta euskara suspertzeko lehentasunak ezarri ziren. Han ere garbi ikusi zen norbaiten beharra izango zela lan haiek guztiak burutzeko.

            Halaxe etorri zitzaigun Arabako Errioxako Koadrillara euskara teknikaria; berdin gertatu zen beste Koadrilletan ere. Ordutik hona, gauza pila bat egin dugu, eta beste hainbeste planifikatu. Denok batera ari gara: ikastolak, zenbait ikastetxe, euskara elkarteak, bestelako elkarteak, euskaltegia, Arabako Errioxa Irratia, zenbait udaletako ordezkariak, Koadrillako ordezkariak… eta, orain, hiru urtez ondo funtzionatu ondoren, udalak erabilera planak egiten hasi direnean, berriro… kaka zaharra!? Dirurik ez dagoela!? NAHIKOA DA!

            Alderdi politiko guztiek diote euskera normalizatzea lehentasunezkoa dela, baina batzuen erabaki ez normal hauekin ezinezkoa da ezer normalizatzea, eta normal bizitzea. Hasierako galdera errepikatu nahi dugu: nola liteke Kultura Sailari %16 murriztea eta euskara azpisailari %66koa proposatzea normaltzat eta objetibotzat hartzea? Argi ikusten dugu zein diren lehentasunak, edo zer ez den behar-beharrezkoa; beraz, NAHIKOA DA! Euskararen normalizazioa ezin da euskara maite ez dutenen eskuetan utzi.

Ttik-ttaka elkartea (Arabako Errioxa) / Bastida Ikastola/ Lapueblako Assa Ikastola/ Lantziego Ikastola/ IKA euskaltegia/ Oiongo San Bizente Ikastola/ Eltziegoko Landalan Elkartea/ Lantziegoko Argi Oilar Elkartea/ Eskuernagako Xirmendu Elkartea/ Lantziegoko Iradier Salaberri kultur elkartea/ Iradier Salaberri dantza taldea/ Palomares Mendi Taldea/ Basati Mendi Taldea/ Bilarko Akelarre Gurea Elkartea

No hay comentarios:

Publicar un comentario