viernes, 22 de marzo de 2013

ZERGAITIK EZ DA KORRIKA PASATZEN ARABAR ERRIOXATIK?


ZERGAITIK EZ DA KORRIKA PASATZEN ARABAR ERRIOXATIK?

Martxoak 14, Andoaingo Martin Ugalde parketik 18.KORRIKAri hasiera eman diote. Euskararen alde Euskal Herri osoa zeharkatzen duen lasterketa  hasi da. Barkatu, Euskal Herri osoa EZ, Eskualde oso bat KORRIKAtik at gelditzen da, ez herri bat,  ez, 15 herri, eskualde osoa.  Eta gure umeak: noiz pasatuko da gure herritik? Eta gure gazteak: aurten gauez edo egunez egin behar dugu korrika? Eta hemengo euskaldun eta euskaltzale guztiak: noiz elkartuko gara, noiz egingo dugu bilera KORRIKA prestatzeko?
Baina aurtengo KORRIKA (18.a) BERRIZ ERE EZ  da Arabar Errioxatik pasatuko (17.a ere ez zen Arabar Errioxatik pasatu)
ZERGAITIK?
15 herri gara Arabar Errioxan eta KORRIKAk ez du batere ukitzen (ez eta hurbiletik pasatzen) ez aurten eta ez aurreko edizioan ere.
Guk, hemen, ez dugu Martin Ugalderik, ez eta horrelako pertsona esanguratsurik. Gu Araban gaude, Arabako Hegoaldean, Arabako mugan, baina gu ere euskaldunak gara, guri ere zirrara sartzen zaigu KORRIKA gure herrietatik pasatzen denean, gure umeak eta gazteak KORRIKA, KORRIKA oihukatzen dutenean.
Arabar Errioxan ez dago AEKko euskaltegirik. Agian horregatik ez da hemendik pasatzen. Horrek zer esan nahi du AEK ez dagoen lekuetan ez dagoela euskaldunik edo euskara maite duten jenderik? Lorpen handiak egin ditugu eskualde honetan azken urtetan, gure ume gehienak D eta B ereduetan matrikulatzen dira (nahiz eta A eredua oraindik anklatuta dagoen) Hemengo gazteek euskaraz ulertzen dute eta hitz egin ahal dute baina egunerokotasunean oso zaila da hemen euskaraz bizitzea inolako zerbitzurik ez baita euskaraz eskaintzen eta euskaltegitik kanpo edo ikastolatik kanpo talde txikietan besterik ez da euskaraz egiten. Euskara teknikaria ere badugu gure eskualdean, (urte askoan eske aritu eta gero lortu genuen, nahiz eta orain lanpostu hori ere arriskuan dagoen) , euskara proiektu polit  bat eta gero eta jende gehiago euskararen aldeko eguneroko lanean.
Orain dela bi urte triste, goibel gelditu ginen KORRIKA gure herrietatik ez zela pasatuko jakin genuenean baina aurten tristura baino gehiago da, amorru puntua ere bada, ez baitugu ulertzen ZERGATIK EZ DEN KORRIKA PASATZEN ARABAR ERRIOXATIK.  
Gu ospetsuak gara gure lurra ardo onen lurra delako eta jende asko hurbiltzen da hona gure upategiak ikustera, ardoa dastatzera eta eguraldiaz disfrutatzera. Eta batzuk harritu egiten dira: “euskaraz badakizue? Nongoak zarete ba?” Eta hemengoak garela entzutean : “hemen ere euskaraz egiten da ala?” Ba bai, hemen ere euskaraz egiten dugu, 4 herritan dugu D eredua eta nahiz eta mugan egon gu ere Euskal Herria gara. AEKk antolatzen duen KORRIKA (ez baita AEKrena, herriarena baita)aurten ere ez da pasatuko eta horregatik guk gure ARABAR ERRIOXAKO KORRIKA antolatu dugu. Eta gure KORRIKA herri guztietatik pasatuko da eta gure umeek korrika egingo dute eta bukaera festa izugarria antolatu dugu, EUSKARA PLAZARA aterako dugu
Gure hizkuntzaren egoera ahula da gure eskualdean. EMAN EUSKARA ELKARRI da aurtengo KORRIKAREN  leloa. Hori da, hain zuzen ere, guk behar duguna. 


ESKUERNAGAKO XIRMENDU KULTUR ELKARTEA
BILARREKO AKELARRE GUREA KULTUR ELKARTEA

No hay comentarios:

Publicar un comentario